NO GARA
Unai Larreategik eta Axlor Elortzak osatzen dugu oraingoz GARAU Koop. Elk. Txikia. Soraluzen bizi gara eta proiektua garatzeko Bergaran aurkitu dugu leku aproposa. Bizilekutik gertu eta Euskal Herrian zehar gure produktuak banatzeko kokaleku egokia dela iritzita.
Dagoeneko jakingo duzuen moduan bertako landare-edariak ekoizteko sortu dugu GARAU. Hasiera baten arroz eta olo edariak ekoizteko asmoa daukagu baina etorkizunean beste hainbat zekale, lekale zein fruitu lehorrekin lan egiteari ere bide eman nahi diogu edo aritzeari ez diogu aterik itxi nahi. Gaur egun merkatuan aurkitu ezingo dituzun balore eta ezaugarriekin ekoitzitako produktuak eskainiko dizkizuegu. Ahalik eta prezio eskuragarrienean eta balio-kate osoan langileen duintasuna bermatzeko konpromisoarekin.
Produktua garatzeko probetan Nafarroako Bardeetako El Alcaravango lehengaiak erabili ditugu. Produktua merkaturatzeko lehen pausuak beraiekin emango ditugun arren Euskal Herriko bestelako nekazariekin ere kooperazioa hasieratik landuko dugu.
Bertatik bertara lan egin nahi dugulako garrantzia emango diogu kontsumo kooperatibak zein tokiko merkataritza hornitzeari.
Etorkizunak arduratzen gaituelako bertako lehengai ekologikoak erabiliko ditugu. ENEEK-ekin lanean dihardugu ziurtagiri ekologikoa lortzeko. Hortaz gain produktuaren ontziratzean arreta berezia jarriko dugu hasieratik. Ez dago aztarna ekologikorik uzten ez duen modurik, baina birziklagarria izatez gain ahalik eta CO2 isuri gutxien sortzea bilatuko dugu.
Ekonomia sozial eta eraldatzailearen baloreetan oinarritu dugu gure antolaketa eredua. Horregatik autoeratu gara kooperatiba gisa eta interkooperazioa bultzatu nahi dugulako gara OlatuKoop-eko kide.
Merkatuan dauden produktu ultraprozesatuen ordez elikagai biziak jarri nahi ditugu kontsumitzailearen eskura. Pasteurizazio prozesu ahalik eta leunenarekin ekoitziko ditugu gure produktuak. Hozkailuan gorde beharko da eta 3-4 asteko iraungitze data izango du.